XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskola Politeknikora ikastera etorritakoak

Erreportaia

Beñardo Kortabarria

Mikel, Gari, Dorleta, Jon eta Xabier Eskola Politeknikoko ikasleak dira, gipuzkoarrak, baina ez Arrasate ingurukoak eta ondorioz, astean zehar hemen bertan bizi dira.

Mikel, Gari, Dorleta eta Jon, Biteri Egoitzan bizi dira; Xabier ez, lehen bai, baina orain alokatutako pisu batetan dago.

EGOITZA, HOTEL TXIKIA

Biteri Egoitza pelikuletan ikusten diren unibertsitateetako campus-en antzerakoa da, baina dexente txikiagoa.

Edozein ikasleren beharrak ase daitezke Egoitzan bertan: janaria, ohea, ikasteko tokiak, aisialdirako ekintzak, kirola egiteko aukerak... etxean bezala egoteko aukera.

Une honetan 320 ikasle daude erresidentzian, horietatik 24 emakumezkoak, gehienak gipuzkoarrak eta ondoren arabar eta bizkaitarrak, garai batean naparren kopurua handia izan bazen ere.

Logelak, ikasgelak, dutxak, telebista gelak, prentsa gelak, telefonoa, taberna futbolin, billar, sukaldetxo eta guzti eta erresidenteen lokalak Biteri Egoitzan bertan daude; jangela, gimnasioa, garbigailua, etab. egoitza aurrean, bost metrotara.

Neskak elkarrekin daude gelan eta bainugela bertan dute, mutilenak, berriz, pasiloan daude.

Logela bakoitzean, neska zein mutilenean, lau lagun bizi dira, beraz, elkarbizitzan ahalegin berezia egin beharra dago.

MERITU-SISTEMA

Biteri Egoitzan denak batzorde-sistemaren bidez funtzionatzen du, kultur arloko ekintzak antolatu, dokumentalen bat jarri edo beste zerbait egiteko, komenigarria da batzorderen bat egotea.

Jende asko batzordeetan bere kabuz sartzen da, baina beste asko ez, batzordeetan egoteak ematen dituen puntuen bila baizik, Egoitzan egoteko lortu behar diren puntuen bila.

Jendea ez dago ados sistema horrekin, aurkako iritzia nabarmena da, baina protestarik ez du egiten eta hemen jarraitu nahi badu, ez du gainera beste erremediorik.

Modu batera edo bestera, Biteri Egoitzak funtziona dezan, zuzendari bat eta 4 monitore daude, ikasleen eta aurreko monitoreen proposamenez aukeratuta; neurri handi batean, monitoreen lana ezinbestekoa da Egoitzan gauzak aurrera eraman daitezen, ardura ugari hartzen baitute.

IRTEN BEHARRA

Mikel, Jon eta Dorletak noizbait pisuren batetara joateko tentazioa izan dutela aitortzen dute, baina ez dute erabakirik hartu.

Ikasleek, Biteri Egoitzako lokalean sukaldea, taberna eta hainbat joku dituzte.